sábado, 18 de marzo de 2017

Bukatu al da?

#eDIGCOMP ikastaroko sarrerei amaiera emateko zera adierazi nahi nuen:

Ikastaroak ikasteko eta ikasten jarraitzen motibatzeko lagundu didala, eta primerako ikaskide eta irakasleak zaretela. Ea etorkizunean elkarrekin topo egiten dugun proiekturen batean!

Tira, bukatu da ikastaroa...baina abestiak dioen bezala... "gehiagoren irrrikia sortu bada zuengan, abesti hau amaitzean diskari buelta eman!" ;P

https://youtu.be/wdEd0_gr6HE?t=18m10s

Laster arte eta besarkada bat,

Patri

lunes, 13 de marzo de 2017

4.2 jarduera | talde lana | DBHrako praktika ona diseinatzen

Sarrera hau #eDIGCOMP kurtsoko azken jarduera aurkezteko egin dut. Praktika onen gaia ari gara tratatzen azken bloke honetan.

Taldekideek eta nik, DBHko hezkuntzan ondo aritzeko burutu beharreko praktika onak zerrendatu genituen taula batean. Horretarako, praktika onak aurreko postean aipatu nituen 6 osagaietan banatu genituen:

  1. Kolaborazioa
  2. Komunikazioa
  3. Edukiak
  4. Pentsamendu kritikoa
  5. Sormena eta berrikuntza
  6. Kudeaketa-estrategiak

@Birginiapozo k praktika onen errubrikari buruz egindako bideoa ikuskatu eta gero, errubrika betetzeari ekin genion denon artean, dokumentu kolaboratibo bat erabiliz. Eta hauxe da emaitza:


Eratu dugun taulan ikusi daiteken moduan, gako bakoitza - intentsitate ezberdinetan - garatzeko pauso batzuk adierazi ditugu. Berez denak dira garrantzitsuak eta beharrezkoak.

Alde batetik norberak jarrera irekia eta positiboa agertu behar du pauso hauek emateko prest egoteko. Gainera, hau lan kolaboratiboa da, irakaslegoak bat eginda egin beharrekoa, modu horretan praktika onak uztartzearen erronka errazagoa izango baita. Beste gako guztiak ere zenbat eta sakonago landu (edukien sormena, pentsamendu kritikoa eta kudeaketa) ikasleak orduan eta  hobeak eta osoagoak heziko dira.

Bestetik, pauso hauetariko asko emateko, erakundeen laguntza eta konplizidadea ezinbestekoa dela ikus dezakegu, beharrezko baliabideak, formakuntza ikastaroak eta baldintzak eskainiz.
Mafalda, Quino








miércoles, 8 de marzo de 2017

4.1. jarduera | Praktika onak

#eDIGCOMP ikastaroko azken blokean sartu gara jada. Bertan, Ainhoa Pujanaren bideoa ikusi ondoren, praktika onen osagaien eta hauek lortzeko erabilitako estrategien inguruan hausnarketa egiteko eskatu digute.
Ainhoak, praktika onak gauzatzeko gakoak sei direla dio: kolaborazioa, komunikazioa, edukia, pentsamendu kritikoa, sormena edo berrikuntza eta autoestimua edo alderdi emozionala.

Praktika onen osagaiak

Erabat ados nago Ainhoak azpimarratutako osagaiekin eta horietatik bat aukeratu beharko banu, kolaborazioa izango litzateke. Bai ikasleen partetik eta baita beste irakasleen partetik ere. Honek, alde batetik, saio majistral tradizionalak murriztu eta ikasleen inplikazioa ekarriko luke, ikasketa prozesu aktiboagoa lortuz. Dale-n konoaren arabera, ikaslearen parte hartzea zenbat eta handiagoa izan, ikaskuntza prozesua efektiboagoa izango da.
Edgar Dale-n konoa 
Bestalde, beste irakasleen kolaborazioak lana errazten du. Talde-lanak emaitza hobeak dakartza, bideo honetan adierazten den bezala.

Praktika onen gakoak denak praktikan jartzeko beharrezkoa da irakasleon inplikazio eta motibazioa. Baina baita ikastetxe eta organu gorenen laguntza eta sostengua ere. Izan ere, bideo zerrenda honetan agertzen diren hainbat ikastetxeetako irakasleek metodologia berriak praktikan jarri aurretik, ikastetxeen laguntza jaso zuten. Bai formakuntzan eta baita beste arlotan ere.

Irakasleon eginbeharra, ikasketa egoerak sortzea dela ere aipatzen du, eta egoera hauek lortzeko hainbat estrategia metodologikoz baliatu gaitezkela. Hauetariko asko aspaldikoak dira, gu derrigorrezko hezkuntzako ikasle izan baino lehen ere erabiltzen zirenak. Beste batzuk aldiz, berriagoak, ikaslearen partehartze zuzenagoa eskatzen dutenak. Hauek denak modu honetan sailkatu ditzakegu:
Ainhoa Pujanaren aurkezpena
Neurri batean edo bestean, estrategia guztiak erabiltzen ditugu denok, eta hala behar du. Nire kasuan estrategia emozionalengatik debilidadea daukat. Gamifikazioa oso tentagarria iruditzen zait ikasleen motibazioa suspertzeko eta gainera baliabide edo estrategia digitalak erabiltzen baditugu horretarako, askoz hobe. Motxilan sartuko nukeen estrategien artean kognitiboa ere egongo litzateke. Arazo-egoera problemen planteamenduak ikasleen atentzioa asko erakartzen baitute. Estrategia sozialek ere, gizarteratzeak, ikasitakoaren aplikazio zuzena erakustea dakar eta honek ikasketa egoera sortzea eragiten du. Eta nola ez, kudeaketa estrategiak ere beharrezkoak dira, irakasleak ez zoratzeko. Antolamendu on bat beti da garrantzitsua eta beharrezkoa edozein ekintza txukun burutzeko.


lunes, 6 de marzo de 2017

3.1 jarduera | Arazo-egoeratik Unitate Didaktiko-digitala diseinatzera

Jarduera honetan, konpetentzia digitalak eta diziplina baitakoak lantzen dituen unitate didaktikoa diseinatzea eskatu digute. Unitate didaktikoa modu labur eta eskematikoan aurkeztu ahal izateko txantiloia ere erraztu digute irakasleek ("Canvas" delakoa).

Unitate didaktikoan jorratzeko aukeratu dudan gaia honakoa da:
"Glutena denon osasunerako txarra al da?"

DBHko edozein kurtsotan lantzeko unitate didaktiko aproposa izan daiteke.

Hona hemen unitate didaktikoaren laburpena:



Alde batetik, bertan disziplinaren zein konpetentzia landuko diren eta zein konpetentzia digital jorratzen diren adierazi dut. Bestetik, ikasleei planteatuko zaien arazo egoera azaldu dut, unitate didaktikoaren ataza eta produkzio digitala erakutsiz. Eta azkenik, ikasleek burutuko dituzten jarduerak eta erabiliko dituzten IKT baliabideak zehaztu ditut.

Gai honen aukeraketak xede jakina eta nagusia du: alfabetizazio mediatikoa lantzea. Gaur egun jasaten dugun infoxikazioa deritzonak, askotan ez digu hausnarketa egiteko astirik ere ematen. Eta zuzenean entzundakoa edo irakurritakoa errepikatzen dugu eta baita sinestu ere. Glutenaren gaiarekin gauza bera gertatzen ari da. Glutenik gabeko produktuak saltzen dituzten industriek, beren bezero kopurua handitu nahian, glutena ez bakarrik zeliakoentzat, baizik eta denontzat txarra denaren ideia ari dira barreiatzen. Ondorioz, gluten-free produktuen merkatua modan jarri da. Beraz, honen inguruan gogoeta eginda, ikasleekin alfabetizazio mediatikoa jorratzeko aukera izango dugu. Horretarako, informazioaren arakatzea, bilatzea eta bahetzea egin beharko dute. Ondoren, lortutako informazioa eta informazio iturriak ebaluatu (nork idatzi du, zein helbururekin,...) eta edukiak moldatu, garatu eta beren lanetan integratu beharko dituzte, egileen eskubideak errespetatuz. Hau guztia egin ahal izango dute teknologien bidezko interakzioan jardunez.

Forges.