martes, 21 de febrero de 2017

2.2. jarduera | Nire NIA aberasten

Aurreko sarreran aipatu dut zertan datzan NIA eta nire NIA ren mapa eraiki dut. Honek nire NIA ezagutzen eta honen inguruan gogoeta egiten lagundu dit. Konturatu gabe, pixkanaka pixkanaka eta urtetan zehar, baliabide eta informazio iturri dexente joan naiz pilatzen, eta progresio bera izaten jarraituko dudalakoan nago. @Amaiaarroyo k gure NIA indartzeko hainbat aholku aipatzen ditu bere hitzaldietako batean :

1- Blogetara harpidetu (Feedly bezalako plataformez baliatuz)
2- Markatzaile sozialak erabili (Diigo bezalako plataformen bidez kudeatuz)
3- Twitter sare sozialaz baliatu: benetan interesgarriak diren pertsonak jarraituz. Hauek infoxikazioa gainditzen laguntzen baitigute, informazio ona pasarazten dute beren "filtroetatik". Gainera, irakaskuntza arloan, irakasle askok beren lana partekatzen dute bertan, oso lagungarria izan daitekeena.
4- Blog bat sortu guk ere geure lana bertan partekatzeko.

Aholku hauek entzutean ere, konturatu naiz, lehenago edo beranduago baina pauso hauek guztiak ematen hasita nagoela. Eta pauso gehiago ematen ere jarraituko dut.

Dena den, NIA "teknologikoa edo digitala" aberasteko pausoak aipatzen dira soilik. NIA "ez teknologikoa edo analogikoa" hobetzeko ere ahalegina egingo dut, bidean jakinmina eta jarrera baikorra lagun ditudalarik.

The Wizard of Oz, 1939

lunes, 20 de febrero de 2017

2.1. jarduera | Nire NIA ezagutzen

#eDIGCOMP ikastaroaren 2.blokean sartu gara jada eta bertan honakoa proposatzen zaigu. Norberak bere NIA ezagutu eta aztertzea. Baina zer da NIA?

Egia esatea nahi baduzue, ez nuen sekula entzun NIAren kontzeptua, eta interesgarria iruditu zait. Norberak ikasteko erabiltzen dituen informazio-iturrri, konexio, jarduera, baliabide eta tresnen multzoa da (Adell eta Castañeda, 2010). Bertan sar daitezke liburuak, aldizkariak, bideoak, lankideak, irakasleak, ikasleak, familia, lagunak, ezagunak, prentsa, eta abar luzea.

Susmatuko duzuen moduan, azken urteotan, orokorrean, guztion NIAk zertxobait aldatu dira, teknologiaren garapena eta baliabide digitalen eskuragarritasuna handitzearekin batera: Google, Youtube, Wikipedia, ... denetarik dugu baliabide teknologikoei dagokionez. Horregatik, @amaiaarroyo-k hausnarketa honetan aipatzen duen moduan, jende askok bere NIA eraikitzerako orduan, teknologikoak ez diren baliabideak ahazten ditu, garrantzi bizikoak direnak. Gizarte batean bizirauteko tresna baliotsuenak ez al ditugu besteekin ditugun harremanen bitartez ikasten? gurasoengandik, anai-arrebengandik, lagunengandik eta baita ezezagunengandik ere. Beraz, ez ditugu ahaztu behar.

Bestalde, @amaiaarroyo-k egindako gogoetan honakoa ere aipatzen du: ikasterako orduan zeinen garrantzitsua den jarrera. Aldaketen aurrean jarrera baikorra izatea, alegia. Gizartea azkar aldatzen ari da, hortaz, behar beharrezkoa dugu etengabe ikasten jarraitzeko motibazioa. Aldaketei bizkarra ematen badiegu ordea, gutxiago ikasiko dugu, atzean geratuko gara eta pixkanaka pixkanaka jarrera ezkorragoa izango dugu aldaketen aurrean. Beraz, ohitura kontua da, neurri batean.

Azkenik, NIAren bitartez zein arlo lantzen ditugun azaltzen du @amaiaarroyo-k:

- Informatu
- Komunikatu
- Arazoak konpondu
- Sortu: edukiak eta identitatea sortu

Nire NIA osatzerako orduan, hauek guztiak kontutan hartzen saiatu naiz. Ez daude nire baliabide guztiak, baina bai haietariko asko. Hemen duzue!








Ondo izan eta laster arte!


lunes, 13 de febrero de 2017

1.2. jarduera | IKANOS testa eta gogoeta egin

Sarrera honetan, EDIGCOMP ikastaroko 1.blokeko 2.jarduerari dagokion gogoeta egingo dut, IKANOS testaren inguruko gogoeta hain zuzen.
Ana Vitoricak (@anavito) zuzentzen duen proiektuan IKANOS izeneko testa diseinatu dute, norberak duen gaitasun digitala neurtzeko balio duen tresna.

15 minutuko test moduko galdetegia erantzunez, edonork bere gaitasun digitalaren maila ezagutu dezake. Galderak erraz erantzuten dira eta hauek erantzuten amaitzean autodiagnosi txosten pertsonalizatu bat eratzen da non zehaztasunez eta argi eta garbi adierazten diren ateratako emaitzak. Bertan, marko digitalaren bost alorretariko bakoitzean ateratako puntuazioa adierazten da.
Hauek dira bost alor horiek (Aurreko sarreran ere aipatu nituen):
  1. Informazioa: informazioa jaso, bilatu, filtratu, gorde eta aztertzeko gaitasuna.
  2. Komunikazioa: besteekin komunikatzeko, elkarbanatzeko eta parte hartzeko gaitasuna.
  3. Edukien sorkuntza: eduki berriak sortzeko eta zaharrak moldatzeko gaitasuna.
  4. Segurtasuna: norberaren eta besteen pribazitatea eta segurtasuna bermatzen duten ekintzak soilik egiteko gaitasuna.
  5. Arazoen ebazpena: konpetentzia digitalaren beste atal guztiak egunerokotasunean topatzen ditugun arazoetan aplikatzen jakiteko gaitasuna.

Oso test borobila iruditu zait, alor ezberdinak modu orekatuan aztertzen baititu eta dudarik gabe, amaierako txostena izan da gehien gustatu zaidana.
Nire kasuan, maila aurreratua dudala diote emaitzek. Informazioa biltzen eta filtratzen nahiko trebea naizela dio, baina besteekin elkarbanatzerako orduan, kanal digitalen bidezko komunikazioan, nire elkarrekintza mailak behera egiten duela. Egia borobila. Dena den, denborarekin hau aldatzea gustatuko litzaidake.

Edukiak sortzen eta moldatzen konpontzen naizela jartzen du txostenean (hori bai, programazioaz bat ere ez…); eta segurtasun aldetik, arriskuak eta pribazitatea bermatzen duten ekintzetan aritzen omen naiz. Eta azkenik, arazoen ebazpenean ongi moldatzen naiz.

Nire kasuan, uste dut nahiko ondorio errealista atera duela autodiagnosi txostenak. Dena den, oraindik gauza asko ditut ikasteko. Beraz, mundu digitalari adi begira jarraitu beharko!

Ikanos testa egitea gomendatzen dizuet, nork bere burua pixkanaka pixkanaka hobeto ezagutzea baino gauza interesgarriagorik ez baitago.

Laster arte!




viernes, 10 de febrero de 2017

1.1 jarduera | Markoei buruzko hausnarketa

Sarrera honetan eDIGCOMP ikastaroko 1.blokeko jarduerari dagokion hausnarketa argitaratu dut. Jarduera hau Carlos Castañok eta Maite Goñik konpetentzia digitalen inguruan emandako hitzaldiak ikusi ondoren egindako erreflexioa da.

Carlos Castañok, egindako aurkezpenean, baliabide teknologiko eta digitalei buruz hitzegiten du, azken urteetan egindako hainbat azterlanetatik ateratako ondorioak eta arlo honetako adituen iritzi artikuluak aipatuz. Aditu batzuen ustez, interneten webguneek jada ez dute inongo baliorik; orain, aplikazio bidez funtzionatzen omen dugu. Beste batzuek ordea ez dute berdin pentsatzen. Aplikazioak indarrean daudela diote baina interneten oinarria webguneetan izaten jarraitzen duela diote. Ni azken hauekin erabat ados nago. Adibide bat jartzeagatik, benetako informazioa ez dago 140 karakteretako tweet batean, tweet horretan dagoen estekak eramaten gaituen webgunean baizik.

Bestalde, hezkuntza eta ikasketa IREKIAren garrantziaz ere aritzen da. Hezkuntzan, konpetentzia digitalaren ezarpena azkarragoa eta hobea izan dadin, ezinbestekoa da norberak egindako lana sareetan elkarbanatzea. Horrela, irakasle bakoitzak ez du berritik hasi behar eduki eta baliabide egokiak prestatzen. Gainera batzuetan, eduki hauetan okerrak egon daitezke, edo informazio falta, beste irakasleen laguntzaz zuzendu edo osatu daitekeena. Hori bai, norberak egindako lana aitortzea ere interesgarria da. Horregatik, CC lizentzien sorrera oso garrantzitsua izan zen bere garaian hezkuntza irekiari bultzada emateko, eduki, teknologia eta jakintza irekien hazkundean lagundu zuelako.
@weblearnerrek kontatzen digun moduan, azken urteetan jakintza irekiarekin lotutako hainbat plataforma eratu dira interneten. Erakunde eta pertsona ezberdinen artean arlo ezberdinetako informazioa elkarbanatzeko, edota arlo ezberdin askotako online ikastaroak (MOOC, etab) eskaintzeko, etab. (MiriadaX, FutureLearn, Coursera, Canvas Network, OpenClass, edX, UniMOOC, Udacity, Openstax…). Baina oraindik asko falta da egiteko.
Planteamendu irekiak abantaila asko ditu. Duela urte batzuk informazio iturri bakan batzuk izatetik, gaur egun klik batekin informazio mordoa izatera pasa gara. Era berean, edozeinek igo dezake informazioa internet sarera. Horrek, sarean informazio gehiegi egotea eragiten du, zuzena, ez hain zuzena eta okerra, eta horrek, benetan baliagarria eta fidagarria den informazioa aukeratzeko lana zailtzen du. Ikasi behar da ere informazio okerra baztertzen, kritikoa eta selektiboa izaten, eta kapazidade hau lantzeak bere onurak izan ditzake bizitzako beste hainbat arloetan. Dena den, batzuk nahiago dute informazio iturri “itxietara” jo, lana errazteko, bertan argitaratzen diren edukiak selektoagoak direlako eta zuzen egoteko probabilitate handiagoa dutelako.
@weblearnerrek aipatzen zuen moduan, hezkuntzan gaitasun digitala lantzean, askok akats bera egin dute: teknologia gailu bezala erabili beharrean, helburu bezala jarri dute. Teknozentrismoa ez da egokia; teknologia tresna baita, ez helburua.
Irakasle baten formakuntza orokorraren prozesuan, Matthew Koehler-en TPACK eredua erabiltzea oso aproposa da. Irudi honek interpretazioa: irakasle baten formakuntzan hiru gaitasunen oreka lortzea da helburua: ezagutza teknologikoaren, ezagutza pedagogikoaren eta edukien ezagutzaren arteko oreka.
Matthew Koehler, www.tpack.org

Ezagutza teknologikoari dagokionez, ez da nahikoa baliabideak eta tresneria teknologikoaren funtzionamendua menperatzea. Nahiz eta baliabide hauek gure eskura izan, libreki eta askotan dohain, hezkuntzan askotan ez gara kapazak izan hauek behar zen bezala erabiltzeko. Baditugu baliabideak, baina ez dugu metodologia landu, ez dakigu ondo non, noiz eta nola aplikatu horrelako baliabideak gure ikasgaietan. Hau da, @euskaljakintzak bere hitzaldian kontatzen digun moduan, Konpetentzia digitala bi multzotan bana daiteke. Alde batetik, konpetentzia digital instrumentala eta bestetik, konpetentzia digital metodologikoa.


CDD = CDI + CDM


Orokorrean, irakaslegoak erraz lortzen du lehenengoa. Bigarrena lantzea falta zaigu. Biek eskutik joan behar dute konpetentzia digitala osotasunean hobetzeko.

Gaitasun digitala lantzea onuragarria da guztiz, beste edozein gaitasun lantzea izan daitekeen bezala. Edozer ezagutza berri beti izango da ona, nahiz eta gero gutxi erabili. Hori bai, ez dakit gaur egun irakasleen artean gaitasun digitala areagotzeko aplikatzen diren programak, ikastaroak, etab. egokiak diren, ez baititut gehiegi ezagutzen. Bestalde, gizartearen digitalizazioa errealidade bat da eta honi ezin diogu bizkarra eman. Hezkuntzak ere errealidade horren barruan egon behar du, ez isolatuta. Gaitasun digitala areagotzeko biderik onena modu irekian lan egitea da, denok batera, elkarbanatuz.

Irakasleen gaitasun digitala lantzeko aspaldidanik ari dira hainbat lurraldetan marko ezberdinak argitaratzen:
  • Quebec, 2001: HH, LH eta DBHko irakasleen gaitasuna IKTetan
  • Australia, 2002: A proposal for the Development of an ICT Competency Framework for Teachers
  • Danimarka, 2003: Pedagogical Computer Driver License (PCDL)
  • Chile, 2006: 16 IKT gaitasuna irakasleentzat
  • Erresuma Batua, 2007: Irakasleen gaitasun digitalari buruzko gaitasunak txertatu
  • Frantzia, 2011: Certificado informatique et Internet, Enseignant (C2i2e) irakasleen akreditazioa
  • Espainia, 2014: Marco Común de Competencia Digital Docente
  • Extremadura, 2015: Portafolio de Competencia Digital Docente de Extremadura
  • Katalunia, 2016: Proyecto Interdepartamental de CDD de Cataluña
  • International Society for Technology in Education (ISTE), 2000: Estándares nacional en TIC para docentes (2008n berritua)
  • UNESCO, 2008: ICT Competency Framework for Teachers (2011n berritua)
Manuel Guzmán. Áreas de la competencia digital. #CDigital_INTEF

DIGCOMP Europear Marko digitalak 5 atal ezberdintzen ditu:
  1. Informazioa: informazioa jaso, bilatu, filtratu, gorde eta aztertzeko gaitasuna.
  2. Komunikazioa: besteekin komunikatzeko, elkarbanatzeko eta parte hartzeko gaitasuna.
  3. Edukien sorkuntza: eduki berriak sortzeko eta zaharrak moldatzeko gaitasuna
  4. Segurtasuna: norberaren eta besteen pribazitatea eta segurtasuna bermatzen duten ekintzak soilik egiteko gaitasuna.
  5. Arazoen ebazpena: Konpetentzia digitalaren beste atal guztiak egunerokotasunean topatzen ditugun arazoetan aplikatzen jakiteko gaitasuna.
Nik uste europear adituek ondo sailkatu eta laburtu dituztela konpetentzia digitala lortzeko landu beharreko atalak. Bestalde, atal hauek guztiak neurri berean lantzea ezinbestekoa dela deritzot.
Mafalda. Quino

miércoles, 8 de febrero de 2017

Aurkezpena - eDIG COMP ikastaroa

Kaixo guztioi!

Patricia Ansorena naiz, Biokimikan lizentziatua eta Ingenieritza Biomedikoan doktorea. Nahiz eta orain arte batez ere ikerkuntza munduan lanean ibili, tesia egiten ari nintzela unibertsitatean irakasle kolaboratzaile gisa aritzeko aukera izan nuen eta hezkuntzan aritzeko sena piztu zitzaidan. Harrezkero, bigarren hezkuntzako irakasle izateko masterra burutu dut eta irakasle gisa hainbat esperientzia aberasgarri izan ditut eskola ezberdinetan. Dena den, oraindik hasi berria naiz eta asko dut ikasteko.

Donostiarra naiz eta bertan bizi naiz. Momentu honetan irakasle lan bila nabil, pailazo talde baten administrari eta sare sozialen kudeatzaile gisa lan egiten dudan bitartean. Beraz, digitalki kontu profesional eta pertsonal ugari, ditut sare sozial ezberdinetan (Facebook, Twitter, Flick´r, Instagram, Youtube, Vimeo...).

Betidanik gustatu izan zaizkit IKTak eta gaur egun hauek hezkuntzan aplikatzea beharrezkoa eta oso interesagarria dela iruditzen zait. Baina noiz eta nola erabili behar diren jakitea ere oso garrantzitsua da. Baliabide digitalen gehiegikeria ere kaltegarria izan daitekela uste dut. Beraz, baliabide analogiko eta digitalen arteko oreka hori nola lortu pixkanaka ikasten joateko intentzioarekin eman dut izena kurtso honetan.

Inplikatzea gustatuko litzaidakeen eremuen artean, honakoa aipatzea gustatuko litzaidake. Irakasle lanetan aritu naizenetan, interneten zientziako ikasgaietarako baliabideen bila aritu naizenean, euskarazko baliabide gutxi topatu ditut. Hau da, dokumentalak eta hainbat esperimenturen demostrazio eta azalpen bideoak Youtuben, zientzia dibulgazio artikuluak Twitterren eta Facebooken, etab., adibidez. Denon artean baliabide hauen kopurua handitzea funtsezkoa iruditzen zait.

Ea kurtso honetan ikasitakoa aplikatuta lortzen dugun!

Laster arte,

Patricia
@Patriciansorena