sábado, 18 de marzo de 2017

Bukatu al da?

#eDIGCOMP ikastaroko sarrerei amaiera emateko zera adierazi nahi nuen:

Ikastaroak ikasteko eta ikasten jarraitzen motibatzeko lagundu didala, eta primerako ikaskide eta irakasleak zaretela. Ea etorkizunean elkarrekin topo egiten dugun proiekturen batean!

Tira, bukatu da ikastaroa...baina abestiak dioen bezala... "gehiagoren irrrikia sortu bada zuengan, abesti hau amaitzean diskari buelta eman!" ;P

https://youtu.be/wdEd0_gr6HE?t=18m10s

Laster arte eta besarkada bat,

Patri

lunes, 13 de marzo de 2017

4.2 jarduera | talde lana | DBHrako praktika ona diseinatzen

Sarrera hau #eDIGCOMP kurtsoko azken jarduera aurkezteko egin dut. Praktika onen gaia ari gara tratatzen azken bloke honetan.

Taldekideek eta nik, DBHko hezkuntzan ondo aritzeko burutu beharreko praktika onak zerrendatu genituen taula batean. Horretarako, praktika onak aurreko postean aipatu nituen 6 osagaietan banatu genituen:

  1. Kolaborazioa
  2. Komunikazioa
  3. Edukiak
  4. Pentsamendu kritikoa
  5. Sormena eta berrikuntza
  6. Kudeaketa-estrategiak

@Birginiapozo k praktika onen errubrikari buruz egindako bideoa ikuskatu eta gero, errubrika betetzeari ekin genion denon artean, dokumentu kolaboratibo bat erabiliz. Eta hauxe da emaitza:


Eratu dugun taulan ikusi daiteken moduan, gako bakoitza - intentsitate ezberdinetan - garatzeko pauso batzuk adierazi ditugu. Berez denak dira garrantzitsuak eta beharrezkoak.

Alde batetik norberak jarrera irekia eta positiboa agertu behar du pauso hauek emateko prest egoteko. Gainera, hau lan kolaboratiboa da, irakaslegoak bat eginda egin beharrekoa, modu horretan praktika onak uztartzearen erronka errazagoa izango baita. Beste gako guztiak ere zenbat eta sakonago landu (edukien sormena, pentsamendu kritikoa eta kudeaketa) ikasleak orduan eta  hobeak eta osoagoak heziko dira.

Bestetik, pauso hauetariko asko emateko, erakundeen laguntza eta konplizidadea ezinbestekoa dela ikus dezakegu, beharrezko baliabideak, formakuntza ikastaroak eta baldintzak eskainiz.
Mafalda, Quino








miércoles, 8 de marzo de 2017

4.1. jarduera | Praktika onak

#eDIGCOMP ikastaroko azken blokean sartu gara jada. Bertan, Ainhoa Pujanaren bideoa ikusi ondoren, praktika onen osagaien eta hauek lortzeko erabilitako estrategien inguruan hausnarketa egiteko eskatu digute.
Ainhoak, praktika onak gauzatzeko gakoak sei direla dio: kolaborazioa, komunikazioa, edukia, pentsamendu kritikoa, sormena edo berrikuntza eta autoestimua edo alderdi emozionala.

Praktika onen osagaiak

Erabat ados nago Ainhoak azpimarratutako osagaiekin eta horietatik bat aukeratu beharko banu, kolaborazioa izango litzateke. Bai ikasleen partetik eta baita beste irakasleen partetik ere. Honek, alde batetik, saio majistral tradizionalak murriztu eta ikasleen inplikazioa ekarriko luke, ikasketa prozesu aktiboagoa lortuz. Dale-n konoaren arabera, ikaslearen parte hartzea zenbat eta handiagoa izan, ikaskuntza prozesua efektiboagoa izango da.
Edgar Dale-n konoa 
Bestalde, beste irakasleen kolaborazioak lana errazten du. Talde-lanak emaitza hobeak dakartza, bideo honetan adierazten den bezala.

Praktika onen gakoak denak praktikan jartzeko beharrezkoa da irakasleon inplikazio eta motibazioa. Baina baita ikastetxe eta organu gorenen laguntza eta sostengua ere. Izan ere, bideo zerrenda honetan agertzen diren hainbat ikastetxeetako irakasleek metodologia berriak praktikan jarri aurretik, ikastetxeen laguntza jaso zuten. Bai formakuntzan eta baita beste arlotan ere.

Irakasleon eginbeharra, ikasketa egoerak sortzea dela ere aipatzen du, eta egoera hauek lortzeko hainbat estrategia metodologikoz baliatu gaitezkela. Hauetariko asko aspaldikoak dira, gu derrigorrezko hezkuntzako ikasle izan baino lehen ere erabiltzen zirenak. Beste batzuk aldiz, berriagoak, ikaslearen partehartze zuzenagoa eskatzen dutenak. Hauek denak modu honetan sailkatu ditzakegu:
Ainhoa Pujanaren aurkezpena
Neurri batean edo bestean, estrategia guztiak erabiltzen ditugu denok, eta hala behar du. Nire kasuan estrategia emozionalengatik debilidadea daukat. Gamifikazioa oso tentagarria iruditzen zait ikasleen motibazioa suspertzeko eta gainera baliabide edo estrategia digitalak erabiltzen baditugu horretarako, askoz hobe. Motxilan sartuko nukeen estrategien artean kognitiboa ere egongo litzateke. Arazo-egoera problemen planteamenduak ikasleen atentzioa asko erakartzen baitute. Estrategia sozialek ere, gizarteratzeak, ikasitakoaren aplikazio zuzena erakustea dakar eta honek ikasketa egoera sortzea eragiten du. Eta nola ez, kudeaketa estrategiak ere beharrezkoak dira, irakasleak ez zoratzeko. Antolamendu on bat beti da garrantzitsua eta beharrezkoa edozein ekintza txukun burutzeko.


lunes, 6 de marzo de 2017

3.1 jarduera | Arazo-egoeratik Unitate Didaktiko-digitala diseinatzera

Jarduera honetan, konpetentzia digitalak eta diziplina baitakoak lantzen dituen unitate didaktikoa diseinatzea eskatu digute. Unitate didaktikoa modu labur eta eskematikoan aurkeztu ahal izateko txantiloia ere erraztu digute irakasleek ("Canvas" delakoa).

Unitate didaktikoan jorratzeko aukeratu dudan gaia honakoa da:
"Glutena denon osasunerako txarra al da?"

DBHko edozein kurtsotan lantzeko unitate didaktiko aproposa izan daiteke.

Hona hemen unitate didaktikoaren laburpena:



Alde batetik, bertan disziplinaren zein konpetentzia landuko diren eta zein konpetentzia digital jorratzen diren adierazi dut. Bestetik, ikasleei planteatuko zaien arazo egoera azaldu dut, unitate didaktikoaren ataza eta produkzio digitala erakutsiz. Eta azkenik, ikasleek burutuko dituzten jarduerak eta erabiliko dituzten IKT baliabideak zehaztu ditut.

Gai honen aukeraketak xede jakina eta nagusia du: alfabetizazio mediatikoa lantzea. Gaur egun jasaten dugun infoxikazioa deritzonak, askotan ez digu hausnarketa egiteko astirik ere ematen. Eta zuzenean entzundakoa edo irakurritakoa errepikatzen dugu eta baita sinestu ere. Glutenaren gaiarekin gauza bera gertatzen ari da. Glutenik gabeko produktuak saltzen dituzten industriek, beren bezero kopurua handitu nahian, glutena ez bakarrik zeliakoentzat, baizik eta denontzat txarra denaren ideia ari dira barreiatzen. Ondorioz, gluten-free produktuen merkatua modan jarri da. Beraz, honen inguruan gogoeta eginda, ikasleekin alfabetizazio mediatikoa jorratzeko aukera izango dugu. Horretarako, informazioaren arakatzea, bilatzea eta bahetzea egin beharko dute. Ondoren, lortutako informazioa eta informazio iturriak ebaluatu (nork idatzi du, zein helbururekin,...) eta edukiak moldatu, garatu eta beren lanetan integratu beharko dituzte, egileen eskubideak errespetatuz. Hau guztia egin ahal izango dute teknologien bidezko interakzioan jardunez.

Forges.







martes, 21 de febrero de 2017

2.2. jarduera | Nire NIA aberasten

Aurreko sarreran aipatu dut zertan datzan NIA eta nire NIA ren mapa eraiki dut. Honek nire NIA ezagutzen eta honen inguruan gogoeta egiten lagundu dit. Konturatu gabe, pixkanaka pixkanaka eta urtetan zehar, baliabide eta informazio iturri dexente joan naiz pilatzen, eta progresio bera izaten jarraituko dudalakoan nago. @Amaiaarroyo k gure NIA indartzeko hainbat aholku aipatzen ditu bere hitzaldietako batean :

1- Blogetara harpidetu (Feedly bezalako plataformez baliatuz)
2- Markatzaile sozialak erabili (Diigo bezalako plataformen bidez kudeatuz)
3- Twitter sare sozialaz baliatu: benetan interesgarriak diren pertsonak jarraituz. Hauek infoxikazioa gainditzen laguntzen baitigute, informazio ona pasarazten dute beren "filtroetatik". Gainera, irakaskuntza arloan, irakasle askok beren lana partekatzen dute bertan, oso lagungarria izan daitekeena.
4- Blog bat sortu guk ere geure lana bertan partekatzeko.

Aholku hauek entzutean ere, konturatu naiz, lehenago edo beranduago baina pauso hauek guztiak ematen hasita nagoela. Eta pauso gehiago ematen ere jarraituko dut.

Dena den, NIA "teknologikoa edo digitala" aberasteko pausoak aipatzen dira soilik. NIA "ez teknologikoa edo analogikoa" hobetzeko ere ahalegina egingo dut, bidean jakinmina eta jarrera baikorra lagun ditudalarik.

The Wizard of Oz, 1939

lunes, 20 de febrero de 2017

2.1. jarduera | Nire NIA ezagutzen

#eDIGCOMP ikastaroaren 2.blokean sartu gara jada eta bertan honakoa proposatzen zaigu. Norberak bere NIA ezagutu eta aztertzea. Baina zer da NIA?

Egia esatea nahi baduzue, ez nuen sekula entzun NIAren kontzeptua, eta interesgarria iruditu zait. Norberak ikasteko erabiltzen dituen informazio-iturrri, konexio, jarduera, baliabide eta tresnen multzoa da (Adell eta Castañeda, 2010). Bertan sar daitezke liburuak, aldizkariak, bideoak, lankideak, irakasleak, ikasleak, familia, lagunak, ezagunak, prentsa, eta abar luzea.

Susmatuko duzuen moduan, azken urteotan, orokorrean, guztion NIAk zertxobait aldatu dira, teknologiaren garapena eta baliabide digitalen eskuragarritasuna handitzearekin batera: Google, Youtube, Wikipedia, ... denetarik dugu baliabide teknologikoei dagokionez. Horregatik, @amaiaarroyo-k hausnarketa honetan aipatzen duen moduan, jende askok bere NIA eraikitzerako orduan, teknologikoak ez diren baliabideak ahazten ditu, garrantzi bizikoak direnak. Gizarte batean bizirauteko tresna baliotsuenak ez al ditugu besteekin ditugun harremanen bitartez ikasten? gurasoengandik, anai-arrebengandik, lagunengandik eta baita ezezagunengandik ere. Beraz, ez ditugu ahaztu behar.

Bestalde, @amaiaarroyo-k egindako gogoetan honakoa ere aipatzen du: ikasterako orduan zeinen garrantzitsua den jarrera. Aldaketen aurrean jarrera baikorra izatea, alegia. Gizartea azkar aldatzen ari da, hortaz, behar beharrezkoa dugu etengabe ikasten jarraitzeko motibazioa. Aldaketei bizkarra ematen badiegu ordea, gutxiago ikasiko dugu, atzean geratuko gara eta pixkanaka pixkanaka jarrera ezkorragoa izango dugu aldaketen aurrean. Beraz, ohitura kontua da, neurri batean.

Azkenik, NIAren bitartez zein arlo lantzen ditugun azaltzen du @amaiaarroyo-k:

- Informatu
- Komunikatu
- Arazoak konpondu
- Sortu: edukiak eta identitatea sortu

Nire NIA osatzerako orduan, hauek guztiak kontutan hartzen saiatu naiz. Ez daude nire baliabide guztiak, baina bai haietariko asko. Hemen duzue!








Ondo izan eta laster arte!


lunes, 13 de febrero de 2017

1.2. jarduera | IKANOS testa eta gogoeta egin

Sarrera honetan, EDIGCOMP ikastaroko 1.blokeko 2.jarduerari dagokion gogoeta egingo dut, IKANOS testaren inguruko gogoeta hain zuzen.
Ana Vitoricak (@anavito) zuzentzen duen proiektuan IKANOS izeneko testa diseinatu dute, norberak duen gaitasun digitala neurtzeko balio duen tresna.

15 minutuko test moduko galdetegia erantzunez, edonork bere gaitasun digitalaren maila ezagutu dezake. Galderak erraz erantzuten dira eta hauek erantzuten amaitzean autodiagnosi txosten pertsonalizatu bat eratzen da non zehaztasunez eta argi eta garbi adierazten diren ateratako emaitzak. Bertan, marko digitalaren bost alorretariko bakoitzean ateratako puntuazioa adierazten da.
Hauek dira bost alor horiek (Aurreko sarreran ere aipatu nituen):
  1. Informazioa: informazioa jaso, bilatu, filtratu, gorde eta aztertzeko gaitasuna.
  2. Komunikazioa: besteekin komunikatzeko, elkarbanatzeko eta parte hartzeko gaitasuna.
  3. Edukien sorkuntza: eduki berriak sortzeko eta zaharrak moldatzeko gaitasuna.
  4. Segurtasuna: norberaren eta besteen pribazitatea eta segurtasuna bermatzen duten ekintzak soilik egiteko gaitasuna.
  5. Arazoen ebazpena: konpetentzia digitalaren beste atal guztiak egunerokotasunean topatzen ditugun arazoetan aplikatzen jakiteko gaitasuna.

Oso test borobila iruditu zait, alor ezberdinak modu orekatuan aztertzen baititu eta dudarik gabe, amaierako txostena izan da gehien gustatu zaidana.
Nire kasuan, maila aurreratua dudala diote emaitzek. Informazioa biltzen eta filtratzen nahiko trebea naizela dio, baina besteekin elkarbanatzerako orduan, kanal digitalen bidezko komunikazioan, nire elkarrekintza mailak behera egiten duela. Egia borobila. Dena den, denborarekin hau aldatzea gustatuko litzaidake.

Edukiak sortzen eta moldatzen konpontzen naizela jartzen du txostenean (hori bai, programazioaz bat ere ez…); eta segurtasun aldetik, arriskuak eta pribazitatea bermatzen duten ekintzetan aritzen omen naiz. Eta azkenik, arazoen ebazpenean ongi moldatzen naiz.

Nire kasuan, uste dut nahiko ondorio errealista atera duela autodiagnosi txostenak. Dena den, oraindik gauza asko ditut ikasteko. Beraz, mundu digitalari adi begira jarraitu beharko!

Ikanos testa egitea gomendatzen dizuet, nork bere burua pixkanaka pixkanaka hobeto ezagutzea baino gauza interesgarriagorik ez baitago.

Laster arte!